Hator Aholkularitzan lan erritmoa aldatu egin da buru-belarri dabiltzalako bezeroen bajak kudeatzen.
Azken hilabeteetan Covid-19aren kutsatzeek gora egin dute, eta horrekin batera, gorakada nabarmena izan dute baja laboralek. Egoeraren berri eman dio Hernaniko Hator Aholkularitzak Kronikari: «ezin dugu egoera honekin jarraitu, kontrolaezina baita».
Azken boladan, Omikron aldaerak mundua hankaz gora jarri du: herritar ugarik eman dute positibo epe motzean, eta horrek, lan arloan, besteak beste, izugarrizko kaosa eragin du, izan ere, baja laboralak etengabe egin dute gora Euskadin, eta baita Urumea bailaran ere.
Lan Istripuen Mutua Elkarteak aditzera eman dituen datuen arabera, 30.300 pertsona baino gehiago egon ziren lan bajan, pasa den urteko abenduan Covid-19agatik Euskadin, eta azaroarekin alderatuta %199 gehiago izan ziren. Hau horrela, «bajen tsunamia» gertatu dela ohartarazi du Hernaniko Hator Aholkularitzak, adieraziz, modu honetan ez dagoela aurrera egiterik: «itota gaude, eta baja kantitateak izugarrizkoak dira».
Hatorrek hainbat arlo lantzen ditu agentzian, hala nola, zerga arloa, kontabilitate arloa, lan arloa, merkataritza arloa, arlo juridikoa eta finantzazio arloa. Lan arloaren baitan, besteak beste, langileen eta enpresen altak eta bajak kudeatzen dituzte Gizarte Segurantzan, eta argi daukate azken hilabeteetan bizi dutena, «sekula» ez zaiela gertatu. «Guk daukagu poltsa bat, gutxi gorabehera 1.000 langile eta autonomorekin… eta azken hilabetean bajen kantitatea asko igo da Omikron aldaeragatik, exajerazioa izan da».
Hatorrek pandemia hasi zenetik buru-belarri jardun du bajak tramitatzen, baina azken hilabeteotan gertatu denarekin harrituta daude: «azkenean egunean bajak eta altak tramitatzeak, ordu asko kentzen dizkigu eta guretzako hori asko da, gure egunerokotasuneko lanari bi ordu kentzea bajak egiteko… lan erritmoa asko nahasten du, egia esan, zentzugabekeria egoera batean gaude».
Betiko eta eguneroko lanaz gain, bajen kaosa dagoela nabarmendu du Hator Aholkularitzak, izan ere, intzidentziak pandemia hasi zenetik egon dira, «baina azken hilabeteotako intzidentzien kopuruak gora egin du eta honek gure lanean eragina du». Gainera, orain arte, langile batek baja eskatzen zuenean, medikuak bajaren agiria ematen zion, gero honek lanean bajaren partea entregatzeko, baina egoera aldatu egin omen da: «orain baja norberak tramitatzen du eta gu ziurgabetasun konstante batean gaude, ez baitakigu baja hori iritsi den edo ez, datak zuzenak diren edo ez, kontingentzia zuzena den edo ez…».
Langile batek baja eskatzen duenean, eta Covid-19agatik bada, lan istripu gisa grabatzen da, hau da, «nahiz eta ez izan lan istripu bat, konbenio gehienetan gehiago kobratuko du langileak eta, horregatik, jartzen da lan istripua dela, baina errealitatean Osakidetzak ohiko gaixotasun bezala izendatzen du. Hor ere kaosa dago, gauzak nahastuta daude».
Hatorrek, beraz, kontingentzian begiratu behar du langilearen baja lan istripuagatik den edo gaixotasunagatik den, eta orain, badirudi, Hatorren zeregina dela ikerketa lan sakona egitea: «Guri heltzen zaigu jakinarazpen bat, langile batek zerbait daukala esanez. Orduan, gu langile horren Gizarte Segurantzako tripetan sartzen gara eta hor ikusi behar dugu nola dagoen grabatuta, hau da, lan istripu gisa, gaixotasun gisa… Eta hor konturatzen gara langile bat bajan dagoen edo ez… Ez digulako abisurik pasatzen ez Osakidetzak, ez enpresak… eta orain badirudi guri dagokigula langile bakoitzaren egoera ikertzea».
Hatorren arabera, bajen kaosa kontrolaezina da: «enpresak ez daki benetan langilea bajan dagoen edo ez, azkenean, posibilitateak daude gezurra izateko. Gertatu da langilea joan dela enpresara esatera bajan dagoela, baina momentuan ez eduki baja agiririk», eta noski, Hatorrek egoera hau salatu du. «Azken bolada honetan, kudeaketa aldatu egin da, Osakidetzak, anbulategietan ez ditu bajen agiriak dagokionari entregatzen, eta Covid-19arekin loturarik ez daukaten bajekin berdina gertatzen ari da, hau da, ez dago agiririk. Autonomoekin ere sekulako iskanbila dago: honek ere agiria behar baitute, kobratu ahal izateko, eta arazoak dauzkate».
Egoera jasanezin honen aurrean, Hatorrek oraindik tinko jarraitzen du bajen kudeaketa ahal bezain ondoen egiten, baina azaldu dute egoera honek ezin duela honela jarraitu: «itota gaude, bajen tsunamiak hartu gaitu eta kontrolaezina da egoera. Gure lan arloan ere izugarrizko eragina izan du eta langileok izugarrizko esfortzua egiten gabiltza».
21.525 langile zeuden bajan Covid-19ak jota hilaren 5ean, EAEn
Baja laboralen egoera larria da, sektore pibratuan zein publikoan, eta Mutualiak hainbat datu eman ditu.
Mutualiak egindako kalkuluen arabera, urtarrilaren 5ean, 21.525 langile zeuden bajan Covid-19ak kutsatuta Euskal Autonomia Erkidegoan.
Mutualiaren ardurapean, 9.471 langile zeuden bajan, eta urtarrilaren lehen bost egunetan 3.762 baja errejistratu zituela nabarmendu du. Eta estrapolatutako kalkuluen arabera, Euskadin, 21.500 pertsona zeuden lanera joan ezinik, koronabirusaren eraginez.
Egoera larria, sektore publiko zein pribatuan
Sektore guztietan errepikatzen ari den egoera da egun bizi duguna, pribatuetan zein publikoetan hain zuzen ere. Hezkuntza sailean «sekulako ordezkapenak» egon dira Gabon ostean izandako baja kopuruen arabera. Eta ez hezkuntzan bakarrik, enpresa haundi zein txikietan eragin nabarmena du egoera honek, batik bat enpresa txikietan. Izan ere, tamaina txikiko enpresetan gutxi izanda, pertsona batek huts egiten duenean arazo haundiak ekar ditzake.
Horrez gain, bajen denbora kopuruak ere badu garrantzia, izan ere, baja bat luzea denean errazago aurkitu daiteke postu hori hilabete batzuetan ordezkatuko duen pertsona, aldiz, bost egunetako baja bat kubritzea, «zaila» da.
Autonomoek ere badute zer esana, izan ere, Mutualiak emandako datuen arabera, baja kopurua askoz txikiagoa da eta Autonomoen elkarteak aditzera eman du askok negozioa itxi behar izan dutela, «baina beste askok ezin dute horrelakorik egin».
Honelakoa izan da azken hilabeteotako Covid bajen bilakaera Euskal Autonomia Erkidegoan: 4.000 urrian, 11. 000 azaroan eta 32 0000 abenduan, eta aipatu moduan, urtarrilaren 5ean, 21.525 langile bajan zeuden dagoeneko.