Hator Aholkularitza itota, bajen tsunamia kudeatzen: «egoera kontrolaezina da»

Hator Aholkularitza itota, bajen tsunamia kudeatzen: «egoera kontrolaezina da»

Hator Aholkularitzan lan erritmoa aldatu egin da buru-belarri dabiltzalako bezeroen bajak kudeatzen.

Azken hilabeteetan Covid-19aren kutsatzeek gora egin dute, eta horrekin batera, gorakada nabarmena izan dute baja laboralek. Egoeraren berri eman dio Hernaniko Hator Aholkularitzak Kronikari: «ezin dugu egoera honekin jarraitu, kontrolaezina baita».

Azken boladan, Omikron aldaerak mundua hankaz gora jarri du: herritar ugarik eman dute positibo epe motzean, eta horrek, lan arloan, besteak beste, izugarrizko kaosa eragin du, izan ere, baja laboralak etengabe egin dute gora Euskadin, eta baita Urumea bailaran ere.

Lan Istripuen Mutua Elkarteak aditzera eman dituen datuen arabera, 30.300 pertsona baino gehiago egon ziren lan bajan, pasa den urteko abenduan Covid-19agatik Euskadin, eta azaroarekin alderatuta %199 gehiago izan ziren. Hau horrela, «bajen tsunamia» gertatu dela ohartarazi du Hernaniko Hator Aholkularitzak, adieraziz, modu honetan ez dagoela aurrera egiterik: «itota gaude, eta baja kantitateak izugarrizkoak dira».

Hatorrek hainbat arlo lantzen ditu agentzian, hala nola, zerga arloa, kontabilitate arloa, lan arloa, merkataritza arloa, arlo juridikoa eta finantzazio arloa. Lan arloaren baitan, besteak beste, langileen eta enpresen altak eta bajak kudeatzen dituzte Gizarte Segurantzan, eta argi daukate azken hilabeteetan bizi dutena, «sekula» ez zaiela gertatu. «Guk daukagu poltsa bat, gutxi gorabehera 1.000 langile eta autonomorekin… eta azken hilabetean bajen kantitatea asko igo da Omikron aldaeragatik, exajerazioa izan da».

Hatorrek pandemia hasi zenetik buru-belarri jardun du bajak tramitatzen, baina azken hilabeteotan gertatu denarekin harrituta daude: «azkenean egunean bajak eta altak tramitatzeak, ordu asko kentzen dizkigu eta  guretzako hori asko da, gure egunerokotasuneko lanari bi ordu kentzea bajak egiteko… lan erritmoa asko nahasten du, egia esan, zentzugabekeria egoera batean gaude».

Betiko eta eguneroko lanaz gain, bajen kaosa dagoela nabarmendu du Hator Aholkularitzak, izan ere, intzidentziak pandemia hasi zenetik egon dira, «baina azken hilabeteotako intzidentzien kopuruak gora egin du eta honek gure lanean eragina du». Gainera, orain arte, langile batek baja eskatzen zuenean, medikuak bajaren agiria ematen zion, gero honek lanean bajaren partea entregatzeko, baina egoera aldatu egin omen da: «orain baja norberak tramitatzen du eta gu ziurgabetasun konstante batean gaude, ez baitakigu baja hori iritsi den edo ez, datak zuzenak diren edo ez, kontingentzia zuzena den edo ez…».

Langile batek baja eskatzen duenean, eta Covid-19agatik bada, lan istripu gisa grabatzen da, hau da, «nahiz eta ez izan lan istripu bat, konbenio gehienetan gehiago kobratuko du langileak eta, horregatik, jartzen da lan istripua dela, baina errealitatean Osakidetzak  ohiko gaixotasun  bezala izendatzen du. Hor ere kaosa dago, gauzak nahastuta daude».

Hatorrek, beraz, kontingentzian begiratu behar du langilearen baja lan istripuagatik den edo gaixotasunagatik den, eta orain, badirudi, Hatorren zeregina dela ikerketa lan sakona egitea:  «Guri heltzen zaigu jakinarazpen bat, langile batek zerbait daukala esanez. Orduan, gu langile horren Gizarte Segurantzako tripetan sartzen gara eta hor ikusi behar dugu nola dagoen grabatuta, hau da, lan istripu gisa, gaixotasun gisa… Eta hor konturatzen gara langile bat bajan dagoen edo ez… Ez digulako abisurik pasatzen ez Osakidetzak, ez enpresak… eta orain badirudi guri dagokigula langile bakoitzaren egoera ikertzea».

Hatorren arabera, bajen kaosa kontrolaezina da: «enpresak ez daki benetan langilea bajan dagoen edo ez, azkenean, posibilitateak daude gezurra izateko. Gertatu da langilea joan dela enpresara esatera bajan dagoela, baina momentuan ez eduki baja agiririk», eta noski, Hatorrek egoera hau salatu du. «Azken bolada honetan, kudeaketa aldatu egin da, Osakidetzak, anbulategietan ez ditu bajen agiriak dagokionari entregatzen, eta Covid-19arekin loturarik ez daukaten bajekin berdina gertatzen ari da, hau da, ez dago agiririk. Autonomoekin ere sekulako iskanbila dago: honek ere agiria behar baitute, kobratu ahal izateko, eta arazoak dauzkate». 

Egoera jasanezin honen aurrean, Hatorrek oraindik tinko jarraitzen du bajen kudeaketa ahal bezain ondoen egiten, baina azaldu dute egoera honek ezin duela honela jarraitu: «itota gaude, bajen tsunamiak hartu gaitu eta kontrolaezina da egoera. Gure lan arloan ere izugarrizko eragina izan du eta langileok izugarrizko esfortzua egiten gabiltza». 

21.525 langile zeuden bajan Covid-19ak jota hilaren 5ean, EAEn

Baja laboralen egoera larria da, sektore pibratuan zein publikoan, eta Mutualiak hainbat datu eman ditu.

Mutualiak egindako kalkuluen arabera, urtarrilaren 5ean, 21.525 langile zeuden bajan Covid-19ak kutsatuta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Mutualiaren ardurapean, 9.471 langile zeuden bajan, eta urtarrilaren lehen bost egunetan 3.762 baja errejistratu zituela nabarmendu du. Eta estrapolatutako kalkuluen arabera, Euskadin, 21.500 pertsona zeuden lanera joan ezinik, koronabirusaren eraginez.

Egoera larria, sektore publiko zein pribatuan

Sektore guztietan errepikatzen ari den egoera da egun bizi duguna, pribatuetan zein publikoetan hain zuzen ere. Hezkuntza sailean «sekulako ordezkapenak» egon dira  Gabon ostean izandako baja kopuruen arabera. Eta ez hezkuntzan bakarrik, enpresa haundi zein txikietan eragin nabarmena du egoera honek, batik bat enpresa txikietan. Izan ere, tamaina txikiko enpresetan gutxi izanda, pertsona batek huts egiten duenean arazo haundiak ekar ditzake.

Horrez gain, bajen denbora kopuruak ere badu garrantzia, izan ere, baja bat luzea denean errazago aurkitu daiteke postu hori hilabete batzuetan ordezkatuko duen pertsona, aldiz, bost egunetako baja bat kubritzea, «zaila» da.

Autonomoek ere badute zer esana, izan ere, Mutualiak emandako datuen arabera, baja kopurua askoz txikiagoa da eta Autonomoen elkarteak aditzera eman du askok negozioa itxi behar izan dutela, «baina beste askok ezin dute horrelakorik egin».

Honelakoa izan da azken hilabeteotako Covid bajen bilakaera Euskal Autonomia Erkidegoan: 4.000 urrian, 11. 000 azaroan eta 32 0000 abenduan, eta aipatu moduan, urtarrilaren 5ean, 21.525 langile bajan zeuden dagoeneko. 

Gero eta arigune gehiago Hernanin

Gero eta arigune gehiago Hernanin

Lizeagan Coviran Peña denda ere partehartzaile da.

Antziola okindegia, Coviran Aitor Peña Hator aholkularitza dira Euskaraldian partehartzen ari diren hiru entitate.

Elkarte, lantegi, denda, ikastetxe edo instituzio bateko funtzionamenduan dagoeneko eratuta dagoen taldea edo espazioa da arigune aurtengo Euskaraldian eta hizkuntza-praktikak euskerara aldatzea edo finkatzea du helburu.
Hernanin dagoeneko entitate askok eman dute izena eta gehiago animatzea espero da. Horietako hiru dira Antziola okindegia, Coviran Aitor Peña denda eta Hator aholkularitza. Arigunea entitateak sustatzen du ariguneko kideen adostasunarekin, erabaki kolektiboa hartuta.
Ariguneetan belarriprest eta ahobizi izatea askoz errazagoa da, kide guztiek euskaraz ulertzen dutelako edo herritarrei aukera ematen zaielako euskaraz egin ahal izateko.

Lehenendabiziko aldiz, Antziola okindegia honelako ekimenean parte hartzen.

Lehenendabiziko aldiz, Antziola okindegia honelako ekimenean parte hartzen.

Hator aholkularitzako langileak arigune izango dira.

Hator aholkularitzako langileak arigune izango dira.

Jende asko izan dugu ERTEekin, guk kudeatu ditugunak 50 baino gehiago izan dira

Jende asko izan dugu ERTEekin, guk kudeatu ditugunak 50 baino gehiago izan dira

Hator aholkularitzak lasaiago dagoela adierazi du, «guk egin behar genuena egin dugu, autonomoak, langileak eta enpresak bideratuta daude».

Azken hilabete honetan, denon ahotan egon den ERTEari buruz jardun du Hator aholkularitzak, hau nola kudeatu duten kontatuz, eta Lanbidek autonomoentzat ateratako diru-laguntza «bajuei» buruz azalpenak eman dizkio Kronikari.

Zer nolako eragina izan du Covid-19ak zuen sektorean? Eta zuen aholkularitzan konkretuki?

Gure sektorean izan da, erabateko kaosa. Guztiz baldintzatu gaituena. Pasa dugu hilabete bat guztiz baldintzatuta, burua altxa gabe, 12 orduz lan eginez. Eta ezin genion bueltarik eman, abalantxa izugarria izan da. Gainera, galduta geunden, ez genekien nola egin, zein bide hartu. Azken batean, neurriak jarri zituztenak ere ez zekiten ondo nola egin edo zein zen bide egokiena, pentsa…

Ados zaudete hartu diren neurriekin? Lanera joateko garaian, adibidez. Zer aldatuko zenukete?

Berrogeialdi honetan, gu etxetik aritu gara lanean, gure ofizinan bi sekzio daude, bat aholkularitza, eta bestea Mafre aseguruak. Orduan, aholkularitzakoak, denak etxean gaude sartuta eta etxetik lanean. Baten bat joaten da ofizinara, baina oso tarteka eta behar-beharrezkoa den zerbait egitera, oso gauza puntualak egitera, esaterako, zerbait eskaneatu edo… Baina Mafrekoak bai daude ofizinan, hauei ez baitizkiete baliabiderik jarri etxetik lan egiteko. Gu etxetik ari garenez, ez dugu arriskurik izan lanera joateko garaian, ez baikara etxetik atera, eta ateratzekotan beti neurriekin eta ofizinara langile bat joanez. Azkenean gure lana horretara mugatu da, telelana egitera, eta horretan gabiltza, etxetik ahal duguna egiten.

ERTE hitza askotan atera da azken asteetan zehar; azalduko zenuke zer den? Zer moduz kudeatu dituzue hauek? Kasu asko egon dira?

ERTEa da langilearen kontratua eteten denean, hau da langilearen kontratua suspenditzen duen tresna bat da. Ez da erabat betetzen enpresa eta langileak daukaten hitzarmena, izan ere, hauen harreman hau bertan behera geratzen da. Suspentsio epe horretan, langileak kobratuko du langabezia, eta larrialdi egoera baten aurrean gaudenez eta kasu hau berezia denez, ERTEa ere berezia da. Jarri duten neurria izan da, epealdi honetan, enpresak ez daukala kotizatu beharrik, hau da, kotizazioa %100ean bonifikatuta dago. Beraz, ERTE normaletan ez da ohikoa izaten neurri hau, baina egoerak horrela eskatzen du, eta neurri hau jarri dute. Langabeziara joaten diren langileak, nahiz eta ez eduki eskubidea kobratzeko, ez daukazulako minimoa kotizatuta, ordaindu egiten dute, hau da, langileak hori kobratu egingo du.

Egia esan jende asko izan dugu ERTEekin, enpresa asko, guk kudeatu ditugunak 50 baino gehiago izan dira ERTEra joan direnak. Azkenean beste biderik ez digute utzi, ez zegoen beste modu egokiagorik edo onuragarriagorik. Azkenean kaleratzea galarazi egin dute, beraz, gehienek ERTEren bidea hartu dute. Azkenean arrazoi ekonomikoengatik ezin da langilea kaleratu, larrialdi egoera honetan gainera. Orduan bide bakarra hori suspenditzea izan da, eta horretarako daude ERTEak.

Egoera larriren bat kudeatu behar izan duzue?

Egoera larriak izan ditugu, azkenean bizi dugun egoera bera da larria, eta etortzen zaizkigun kasuak ez dira errazak, azkenean denek dute larritasun puntu bat. Normala den moduan, enpresa guztiek kolokan ikusten dute haien burua eta etorkizuna, noski. Ezjakintasun horretan denok jartzen gara urduri, eta normala da. Estres puntu haundiak jasan ditugu guk aholkularitzan behintzat. Gainera neurriak aldatzen joan dira alde batetik bestera. Apirilaren 15ean, gaueko 00:00etan laguntza batzuk atera ziren, eta erotu egin ginen; ez genekien nola bideratuko ziren, eta Lanbidek ateratako laguntzak dira, eta haiek ere ez dakite, ez digute erantzuten nola egin behar den. Apirilaren 15ean, guaueko 00:00etan irekitzen zen laguntza hori, eta denak hor egon ginen, ireki orduko, aurkezteko, ordu txikietara arte. Izan ere, noski, dirua da, laguntzak dira, eta amaitu egiten dira. Eta okerrena da ez genekiela nola, eskaera baten bidez, webgunetik, emailez… batek esaten dizu bide bat, beste batek beste bat… kaosa. Guk eskatu behar ditugu diru-laguntza hauek, gure bezeroentzat, autonomoentzat… 

Eta azkenan, nola amaitu zen hau guztia? Zer diru- laguntza mota zen? Nola kudeatu zenuten?

Aipatu moduan, Lanbidek ateratako laguntza hau autonomoei bideratzeko izan dira. Diru-laguntza hauek alokairuaren gastuak hilabete batzuetan kubritzeko balio dute, eta autonomoen kuotaren zati bat ere kubritzeko.

Diru-laguntza hauek, Boletin Ofizialetan publikatzen dira, eta behin hor publikatuta hartzen dute baliozkotasuna, hau da, Boletin Ofizilaren publikatuta diru-laguntza hauek eska daitezke.

Hori horrela, igota zegoenean, jakin genuen ze dokumetazio behar zen eskaera egiteko, eta apirilaren 15ean, horretan jardun genuen egun osoan, gure bezero autonomoen datuak sartuz, baldintzak betetzen zituzten autonomen eskaera orriak betetzen.

Hau guztia egin ondoren, 16an, hau da, diru-laguntzak atera eta hurrengo egunean, eskaera hauek bidali zitezkeen. Egia esan, bagenekien oso azkar amaituko zirela, autonomo asko baitzeuden ezarritako baldintzak betetzen zituztenak.

Eskaerak igotzeko prest geunden lankide guztiak, baina Lanbideko eskaerak egiteko orria kolapsatuta zegoen, eta ezin izan genuen ezer egin ordu luzeetan.

Azkenean, goizeko 04:30etan, lortu genuen, eta lankide guztiak hasi ginen gure bezeroen eskaerak bidaltzen, kaosaren ondoren etorri zen bakea azkenean. Lanbidek emandako diru-laguntza, oso eskas gelditu da, azkenean asko dira baldintzak betetzen dituzten autonomoak, eta diru gutxi da.

Nolakoak izan dira hasierako egoera eta oraingoa, hau da, bilakaera nolakoa izan da?

Hasierako alarma egoera dekretatu zenean, izugarrizko ‘boom’a izan zen. Ez genekien haizeak nondik joko zuen. Orain gutxi-gorabehera hilabete pasa eta gero, jendea lasaiago dago, eta enpresa gehienak ERTEaren bitartez bideratuta daude, beraz egoera apur bat lasaitu da egia esan. Autonomoak ere bideratuta daude, hauek ere beren langabezia hartzeko erraztasunak jarri dituzte. Beraz jendea lasaiago dago, eta hau dena lasaitzean, gure ardura da, ea noiz hasiko den jendea aktibitate normala egiten. Gu, Hatorrekoak, lasaixeago ere bagaude, azkenean orain jendea ez dago gure esku, guk egin behar genuena bete dugulako. Beraz, orain gakoa da, nola eta noiz itzuliko garen aktibitate normalera. Egia esan, pentsatzen dut, aginte gorenek oraindik ez dakitela hau nola kudeatu, eta ez dakitela noraino helduko den.

Denontzat izan da kaosa, azkenean zerbait berria da, eta larrialdi egoera batean gaudenez… Aurkeztu diren ERTEetan ere erantzunik ez dugu jaso. Administrazioak ez dauka horrelako bolumen handiko asuntoei aurre egiteko ahalmenik. Lanbiden ere, aurkezten duzuna aurkeztuta, erantzunik ez dauka, ez dute erantzuten, ezin die enpresa hauei guztiei aurre egin.

Aldundiak, laguntza lerro berri bat irekiko duela adierazi du, zerbitzu turistikoetako autonomoei eta komertzio txikiei laguntzeko, zer dakizu diru-laguntza honi buruz?

Egia esan honi buruz ez dakit, badakit bono batzuk atera dituztela ostalaritzarako, baina ez dakit gehiago. Azkenean guk eramaten ditugun enpresa gehienak kultura arlokoak dira.

Zer pentsatzen duzue gertatutako dela, egoera hau lasaitzean?

Ez dakit, pixkanaka aktibitate batzuk martxan hasi behar lukete eta horren arabera eta osasunaren arabera, beste aktibitate batzuk hasi, dena bere neurrian eta pixkanaka. Gure aholkularitzak lan asko egiten du kultura inguruko jendearekin, hau da pailazoak, musika, antzerkiak, bertsoak… eta noski, hauek izango dira martxan jarriko diren azkenetarikoak. Dena lasaitzean, orduan hasiko dira kultur ekintza hauek antolatzen, bestela beste aktibitateekin batera kultur ekintza hauek irekitzen badira, orain artekoa ezertarako.

Orduan, kultura ekintza hauek martxan jartzeak luze joko du, oraindik ez dira antolatuko. Eta noski, enpresa horietako jendea urduri dago, azkenean esparru horretan eragin haundia izan baitu. 

Autonomo, enpresa eta langileei diru-laguntzak

Koronabirusak sortutako krisi larri honi aurre egiteko, enpresa, langile eta autonomentzat diru-laguntzak jarri dira herritarren eskura.

Epidemiaren zabalkundea saihesteko zailtasunek neurri bereziak ezartzera behartu ditu erakunde publikoak. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru  Aldundiak, Beterri-Buruntzako udalek eta Nafarroako Gobernuak hainbat diru-laguntza jarri dituzte abian, enpresa, langile zein autonomoentzat bideratutakoak. Eusko Jaurlaritzak dio, finantzaketa lerro horrek aipatutako enpresen eta autonomoen egiturazko gastu finkoei emango diela estaldura, enpresa sarean duten garrantzia, ekoizpen jarduera osoan duten eragina eta handizkako finantzaketa merkatuetara edo kreditu erakundeen maileguen lerro tradizionaletara iristeko ahalmen erlatibo txikiagoa du­tela kontuan hartuz. Hemen diru-laguntzen informazio guztia: Eusko Jarularitza, https://labur.eus/ONdAc Gipuzkoako Foru Aldundia, https://labur.eus/clEk2. Beterri-Buruntza, https://labur.eus/ONdAc. Na­farroako Gobernua, https://labur.eus/wVPPV

HATORREN ZERBITZUAK

ZERGA ARLOA: Aholkularitza fiskala era guztietako enpresa, elkarte eta partikularrentzat. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga: altak eta bajak. Zerga-zentsuko altak eta bajak. IFK (Identifikazio Fiskalerako Kodea) eskaerak. Era guztietako Aitorpen Fiskalak mekanizatzea eta aurkeztea (BEZ, PFEZ-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga- Komunitate barneko operazioak, Informazio-ereduak,…). Errenta Aitorpenak. Sozietateen gaineko zergen aitorpenak. Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratu edota zatikatzeko eskaerak eta tramitazioak. Ogasunaren ikuskaritzetan laguntza ematea.

KONTABILITATE ARLOA: Kontabilitatearen mekanizazioa eta aholkularitza, Kontabilitateko Plan Orokor BERRIAren araberakoa.Ekitaldi ekonomikoa ixteko aholkularitza. Emaitza-kontuak eta Egoera-balantzeak aztertu eta aurkeztea.Estimazio sinplifikatuko liburuak eta moduluak. Urteko kontuak prestatzea. Kontabilitate Liburu Ofizialak prestatzea. Bideragarritasun planak egitea. Enpresa-balorazioak.

LAN ARLOA: Langile eta enpresen altak eta bajak Gizarte Segurantzan (RED sistema) Lan-kontratuak, aldaketak eta luzapenak INEMen.
Lan-istripuak eta Aldi baterako Ezintasunak tramitatzea. Kotizazio-agiriak prestatu eta aurkeztea Gizarte Segurantzan (TC1 eta TC2, RED sistema). Laguntzak eta diru-laguntzak.PFEZAren hiruhileko likidazioak (110 eredua) eta Urteko Laburpena (190 eredua). 10T eredua prestatzea.
Erretiroa, Alarguntasuna, Amatasuna, Ezintasuna,…Altak eta bajak: autonomoak, etxeko langileak, merkatariak… Langabeziak eragindako kapitalizazioak tramitatzea.

MERKATARITZA ARLOA: Era guztietako Sozietateak (Mugatuak, Anonimoak, Kooperatibak…), Elkarteak eta Ondasun-komunitateak eratzea eta desegitea. Urteko Kontuak Merkataritzako Erregistroan gordailutzea.Kontabilitateko Liburu Ofizialak legeztatzea.
Sozietateak eraldatzea, bat egitea eta zatitzea.

ARLO JURIDIKOA: Aholkularitza juridikoa.Kontratuak eta dokumentuak (errentamenduak, salerosketak…Transakzioak. Oinordetza Zuzenbidea (herentziak, testamentuak…).

ARLO JURIDIKOA: MAPFREren bulegoa. Finantza eta Zerga arloetako aholkularitza integrala. Inbertsioak: Inbertsio-fondoetan, Aurrezte-seguruetan, Ezarpenetan… Inbertsioak: Aurrezte-planetan, Pentsio-planetan, BGAE (EPSV)… Pentsio-planetako eta BGAEko ekarpenen muga fiskalak kalkulatzea. Pentsio-planak-BGAEk libratzeak izan dezakeen eragin fiskala kalkulatzea…